2019/11/21
2009/09/07

Elkano Nazioarteko Mugikortasun Programa

Bekak dira elektronika eta IKT sektoreetako euskal enpresek atzerrian dituzten egoitzetan 6 eta 12 hilabete arteko praktikak egin nahi dituzten unibertsitate titulatuentzat

Elkano nazioarteko mugikortasun programaren laugarren ediziorako bekak eskatzeko epea asteartean, irailaren 15ean, hasiko da.Programaren sustatzaileak Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elektronika eta Informazio Teknologien Industrien Elkartea (GAIA) dira; horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen lagunduko du. Izena emateko azken eguna irailaren 15a izango da. Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi duenak web orri honetara jo besterik ez du: www.sc.ehu.es/elkano.

Elkano programa 2004/05 ikasturteaz geroztik titulua lortu duten Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako campuseko ikasleei zuzenduta dago, baita euren ikasketak UPV/EHUko beste bi campusetan egin dituzten gipuzkoarrei ere. Programan edozein diziplinako titulatuk parte har dezake, nahiz eta gehien eskatzen diren profilak alor hauetakoak izan: Ingeniaritza Informatikoa, Ingeniaritza Elektronikoa, Telekomunikazioen Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanika, Antolakuntza Ingeniaritza eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza.

Ekimenaren helburua da parte hartzen dutenen mugikortasuna sustatzea, dauzkaten lanbide gaitasunak hobetzea eta nazioartean esperientzia eta etorkizuna duten elektronika eta IKT sektoreetako euskal enpresen beharrei erantzutea. Programaren lehenengo hiru edizioetan hogeita hamar ikasle inguruk parte hartu dute eta arrakasta izan dute, gainera.

Elkano Programak hiru fase ditu:
1. fasea. Parte hartzaileek prestakuntza ikastaro bat egiten dute, gai hauen ingurukoa: kanpo merkataritza, proiektu aldeaniztunen gestioa, EBko zazpigarren esparru programako proiektuen gestioa, gaitasunak eta kultura artekotasuna.

2. fasea. Partaideek 3 eta 6 aste arteko praktikak egiten dituzte “harrera” enpresen Euskadiko egoitzan, erakundeak eta horien lan planak hobeto ezagutzeko.

3. fasea. (2010eko urtarriletik aurrera). Partaideek 6 eta 12 hilabete arteko praktikak egiten dituzte atzerrian.