Aitor Esteban diputatu jeltzalea eta Hezkuntza gaietarako Euzko Abertzaleak taldearen bozeramaileak Lurgorri Ikasle Elkarteak aurkeztu zizkion proposamenak hartu ditu eta Diputatuen Kongresuari eskatu dio Ikasleen Estatutuari begira egiten ari den zirriborroari aldaketa batzuk egin diezazkiola. Ikasle elkartearen esanetan Estatutu honek “ Gauza onak baditu ere, EHUren unibertsitateko autonomia guztiz urratzen du ; halaber, eskumen autonomikoen gainetik ere egiten du, azterketak berrikustea eta beka politika arautzen baititu ”
Estatuko Ikasle Kontseiluaren osaketari dagokionez, Lurgorrik ez du Estatuko Gobernuaren burugogorkeria ulertzen, osaketan ordezkaritza iluna duten elkarteak onartzen baititu. Zer interes du Espainiar Gobernuak elkarte hauek sartzeko? Zer irizpide erabili du Estatuko Gobernuak ordezkaritza zabala duten elkarteak zeintzuk diren erabakitzeko? Galdera hauek hainbat forotan egin diren arren, Ministerioko ordezkariek ez dute jakin edo ez dute erantzun nahi izan, balizko ordezkaritza zabalagoa aitzakiatzat erabilita.
Halaber, salatu nahi dugu Ministerioak ez dituela kontuan izan elkarte honek eta EHUko Gobernu Batzordeak euskaraz ikasteko eta adierazteko eskubidearen inguruan eginiko eskariak.
Era berean, EHUren Gobernu Batzordeak 2009ko ekainean Lurgorriren eskariz aho batez onartu zuen Hezkuntza Ministerioari Ikaslearen Estatutuaren inguruko hurrengo hiru eskari hauek egitea : hiru urteko atzerapenaren ostean, Ikaslearen Estatutuaren onarpena lehenestea, ikasleriak bere eskubideak eta betebeharrak aurreikusten dituen legezko araua izan dezan; ikasleriak hizkuntz ofizialetan ikasteko duen eskubidea aurreikus dadila; eta Unibertsitateko Ikasle Batzordeko kideek adierazpen eta hitz egiteetan hizkuntza ofizial bat zein beste erabiltzerik izan dezatela .
Lurgorriren aldetik esan nahi dugu, honakoa aukera paregabea dela Estatuko Gobernuak bere burugogorkerian atzera pausua eman dezan eta Lurgorrik planteaturiko eta gero Aitor Esteban EAJ-PNVren diputatuak defendatuko dituen modifikazioak onar ditzan.